Mari, Inguma edo Basajaunen kondairek euskaldun askoren haurtzaroa zizelkatu dute, baina tamalez badirudi istorio hauek galtzen doazela. Geroz eta unifikatugoa dagoen kultura globalean, egunerokotasunak hartzen du garrantzia. Eta euskal kultura zerbait bada, ahozkotasunean oinarritzen den kultura da, belaunaldiz belaunaldi hitzen bitartez igaro dena.
Hitzak Gipuzkoako Batzar Nagusietako protagonista ere badira, hitza hartu eta emateko gune nagusia baita ganbera hau. Hona gatozenak hitzaren bidez saiatzen baikara gure ingurua hoberako aldatzen. Hitzek duten indarrean sinesten dugu, euskal mitologia gugana helduarazi duen erreminta direlako besteak beste. Azken finean, sinesten duenak, eratzen du. Eratzen duenak egiten du, eta egiten duenak bere burua eta inguruko gizartea ere eraldatzen du.
Sinesmen hori zuten antzinako euskaldunek. Euskal kosmogonia, mitologia gehiena bezala aldaketa fisikoak azaltzeko balio zuen. Oso kontziente ziren naturarekin zuten erlazioaz, izan ere, emakume eta gizonak naturaren parte zirela ulertzen zuten arbasoek, ez honen jabe edo esklabo. Baina hori baino gehiago, balore eta sinesmen batzuk oinarri hartuz, gizartea antolatzeko mota bat erakusten digu euskal kosmogoniak. Beraz esan daiteke Euskal Kosmogonia, antzinako baloreen pertsonifikazioa direla hein batean.
Batzar Nagusien sarreran dagoen Euskal Kosmogoniaren irudikapen hau, beraz, mendetan zehar erdi gorderik heldu zaigun kondairaren arrastoa da, Basterretxea maisuak hitza eta balioak artelan bilakatuta. Izena duen guztiak izana baduela esan ohi da, baina oraingoan “Izana duenak, Irudia ere badu” esan genezake. Izan bitez bada euskal arbasoen istorio, sinesmen eta balore hauek gure eguneroko lanaren inspirazio iturri.