Diputazioaren aurkezpena

Euskal Kosmogonia saila Nestor Basterretxearen eskultura multzo adierazgarri eta ezagunena izateaz gain, XX. mendeko bigarren erdiko euskal artearen erreferentzia bat da.

Aurrerantzean Batzar Nagusietan ikusgai egongo diren zurezko hamazazpi eskultura hauek euskal mitologiaren bidezidor xarmatuetan barrena galdu eta gure arbasoen bizitza espirituala jainkoek, gaueko iratxoek eta naturaren indarrek gidatzen zuten garaira itzultzeko gonbidapena dira.

Arte garaikidearen lengoaia erabiliz, Basterretxeak kontaera mitikoa, ukiezina, errealitate fisiko bihurtu du. Eskultura huen bidez gorputza eman dio hitzari, eta gure arbasoek mendeetan zehar helarazitako kondairak guregana ekartzeko bitarteko bihurtu ditu.

Herriak mitoen inguruan egituratzen dira, izan ere, ezagutzen ez den horren aurrean ematen den lehenengo erantzuna mitoen bidez azaldu ohi da. Hori dela eta, herri bat ezagutzeko, herri horren mitoak ulertu behar dira, nork bere egin, hartara, sustrai horietan, etorkizunaren haziak bilatzen jakiteko. Basterretxearen eskulturek euskal kosmogonia ez ezik, hasierako paisaia horren elementuak gaur egungo gizartean txertatzen jakin duen herri baten konpromisoa islatzen dute.

Euskal Kosmogonia sailaren bidez, Basterretxeak gure kultur tradizioa nazioarteko abangoardia artistikoen parean jarri du, eta ikerketatik, ezagutzatik eta esperimentaziotik abiatuta egin du gainera. Eskultura hauek iragan mitikoa jasotzen dute, Euskal Herriak gaur egun dena izateko urratu duen bidea. Horregatik, izan garena ez ahazteko konpromiso sendoaren oroigarri dira, horrela bakarrik lortuko baitugu garena izaten jarraitzea.

Izan bitez obra hauek balore horien oroigarri, egunez egun ganbera honetan Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen dugunontzat.

Gipuzkoako Foru Aldundia